Arineketan Duo Logo

Zer da Arineketan

Arineketan aurkezten dizuegu.

Herri kulturan, dantza eta musika elkar hartuta ibili dira historian zehar. Gurea, izaera eta kultura bizia duen herria izanik, bata zein bestea, musika eta dantza, gure egunerokoan ezinbesteko parte dira, gaztetatik aritu baikara euskal dantza talde ezberdinak musikaz laguntzen, baita dantzari gisa ere.

Arineketan sortzea ez da bat-bateko korrika saio bat izan. Aspaldiko adiskidetasuna du oinarri, eta elkarrekin sortu eta musika egiteko beharrari erantzuten dio. Juan Ignazio Iztueta folklore biltzailearen 250. urteurrena, eta haren “Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia” liburua hartu genituen abiapuntu. Hark jasotako doinu eta hitzek bidea ireki, eta gure sorkuntza propioak gehitzen joan gara euskal dantzaren munduan murgiltzeko. Hortik aurrerakoa? Jolasa, broma, txantxa eta dibertsioa. Txistu eta pianoaren arteko elkar-hartzea, eta ihesa. Eta bide batez, euskal folkloreko doinu zahar askori hautsak kentzen saiatu gara, gaur egungo dantza taldeei material berria eskura utziz.

Txistua

Jagoba Astiazaran

Txikitan musikaren marmitan eroria, erraz aurre egiten dio edozein erronkari. Herri musika zein akademikoaren ezagutza sakona du, hauek jendearekin partekatu eta disfrutatzeari sekula utzi gabe. Beti mila kontutan sartuta, ez da erraza bere agendan tarte bat bilatzea, baina beti du denbora besteekin eskuzabal izateko.

Donostiako Udalaren Txistulari Banda izan du ardatz, eta berritzaile izan da bere irakasle jardunean. Hainbat sari potolo ditu eskuratuak, sortzaile zein ikertzaile gisa. Bere sortze lanak ere poliedrikoak dira, izan musika tradizionala, garaikidea zein herrikoia, proiektu bakoitzean bere izaeraren aurpegi ezberdina erakusten digu, horrela idatzi izan du Bilbo eta Euskadiko Orkestra Sinfoikoentzat, atzerriko eta etxeko ensemble entzutetsuentzat edo berdin txistu eta dantza taldeentzat ere.

Pianoa

Iñar Sastre

Entzun ahala eskuetara darama musika Iñarrek, Donosti eta Paris artean piano eta inprobisazio klasikoan espezializaturiko musikaria izan arren, entzun eta dastatzen duen musika estilo guztien jabe egiteko ahalmena du. Aniztasun horren erakusgarri dira jadanik kaleratu dituen 7 diskak, euskal musika tradizionaletik hasi eta pop musika internazionaleraino, musika klasiko eta garaikidetik pasata. Guztiak ditu bere. Baina sormena da musikari honen altxorrik preziatuena eta erraietatik abiatzen da lan berriei ekiten dienean. Hala sortu ditu esaterako “Euskara Munduan” dokumentalerako
edo “NAN” dantza ikuskizunetarako musikak.

Geldiezina izaki, herri kulturatik jaso ahala herriari itzultzen daki, beti ere bere eskuen galbahetik pasatzeak ematen dion ukitu gehigarriarekin.

Satisfied Customers